Azterlan geoteknikoak egiteko eta obrako laguntza emateko. LURTEKek ikerketa eta garapen prozesu desberdinak gauzatzen ditu, azterlan bakoitzeko premien arabera. Prozesu horiek dira:
Kartografia: Ia azterlan guztietan, azterketa eremuko ikerketaren lehen urratsa da kartografia geologiko-geoteknikoa egitea.
Hain zuzen ere, lursailaren azaleko azterketa egiten da, eta arroka azaleramenduen datuak hartzen dira (litologia, egitura eta alterazio maila). Gainera, betekinak, lurzorua, labainketak, ur ibilguak eta egiten ari den azterlanean eragina duen guztia adierazten da.
Egindako kartografian oinarrituta, azterketa eremuko ikerketa osatzeko beharrezkoak diren ikerketa puntuak adierazten dira. Lurpeko ezaugarriak ikertzeko zuzeneko metodoak erabiltzen dira batik bat, hala nola kalikatak eta zundaketak. Batzuetan, zeharkako ikerketa teknikak ere erabiltzen dira, hala nola geofisika (tomografia elektrikoa, sismika, zundaketa elektrikoak, etab.).
Kalikatak: Lurpeko ezaugarriak ikertzeko zuzeneko metodoetako bat, beharbada errazena eta merkeena, baino era berean suntsitzaileena, atzerakako hondeamakinaz egindako kalikatak dira. Teknika hau erabiltzekotan, eskarmentua behar da geoteknian, zenbait proba ezin baitira egin, zundaketetan bezala. Lagin alteratuak zein alteratu gabeak jaso daitezke, eta sakelako tresnen bidezko probak egin daitezke. Gainera, kalikaten bidez beste edozein teknikarekin baino hobeto ikusten dira lurpeko materialak, eta gainera, neurketa estrukturalak egin daitezke arrokan. Ikerketaren sakonera makinaren besoaren luzeraren mende dago, eta oro har, zaila da 6 metro baino gehiagoko sakonerara iristea.
LURTEKek teknika hau erabiltzen du sakonera txikiko ikerketak egin behar direnean, arrokan neurketa geoestrukturalak egin behar direnean (egonkortasun kalkuluak egiteko) eta hondeaketak eragindako suntsipena onargarria denean eta eraginik ez duenean.
Zundaketak: Gehien erabiltzen den ikerketa metodoa da. Lurzorua zulatzean eta lagin jarraitua ateratzean datza. Zundaketak 100 metrotik gorakoak izan daitezke, eta lekuan bertan zenbait proba egiten dira, hala nola penetrometroak, iragazkortasun probak, dilatometroak, presiometroak, etab. Proba horien bidez, kalkuluak egiteko oso erabilgarriak diren parametro geoteknikoak eskuratzen dira zuzenean. Gainera, lagin alteratu gabeak eskuratzen dira, lurzoruan zein arrokan.
Nolanahi ere, metodo garestia da, eta teknika oso bereziak erabili ezean, egonkortasun kalkuluak egiteko ezinbestekoak diren neurketa geoestrukturalak egiteko aukerarik ez du ematen.
Zundaketetan penetrometro dinamikoak (DPSH) edo energia aldakorreko penetrometro arinak (PANDA2) egiten dira. LURTEKek teknika hau erabiltzen du lurzoruaren ezaugarriak direla eta sakonera handiko azterketa egin behar denean edo eremuaren urbanizazio maila dela eta teknika suntsitzailerik (kalikatak) erabili ezin denean.
Instrumentazioa: Batzuetan azterketa eremuaren instrumentazioa egin behar izaten da, obretako zenbait alderdi kontrolatzeko eta fenomeno geologikoen (labainketak, asentuak, etab.) bilakaera kontrolatzeko.
Instrumentazioa era askotan egin daiteke. Lurtekek hainbat instrumentazio trena ditu, hala nola asentuen lerro etengabeak, inklinometroak, edo hari dardaratzaileko irakurgailua.
Asentuen lerro etengabeen bidez asentuak kontrolatzen dira, aurrekargak edo behin betiko kargak egiten ari diren zonetan. Asentuen bilakaera neurtzen da eta konparaketa egiten da aldez aurretik kalkulatutakoekin. Neurketa horien bidez aurrekargen jarraipena egin daiteke, eta horrela, aurrekargek noiz amaitu behar duten edo aurrekargak handitu edo txikitu behar diren zehaztu daiteke.
Inklinometroek ardatz ortogonaletako mugimendu horizontalak detektatzen dituzte, eta horrela, mugimenduak zer sakoneran gertatzen diren eta zer anplitude eta abiadura duten zehaztu daiteke.
Gainera, “Vibrating Wire” edo hari dardaratzailearen teknikan oinarritutako instrumentazioaren neurketak egin ditzake Lurtekek: karga eta presio zelulak, pitzadura-neurgailuak, estentsometroak, etab.
Laborategia: Lekuan bertan egin beharreko azterketa amaitu eta geruzen laginak jaso ondoren, proiektuko premien arabera, LURTEKek lagin batzuk aukeratzen ditu eta laborategiko probak planifikatzen ditu, zenbait parametro kalkulatzeko edo lekuan bertan kalkulatutako parametroak baieztatzeko. Lurzoru, arroka eta ur laginak aztertzen dira.
Era guztietako proba normalizatuak egiten dira, laborategi egiaztagiridunetan.
Geofisika: Batzuetan, zeharkako ikerketa teknikak erabiltzen dira, hala nola geofisika (tomografia elektrikoa, sismika, zundaketa elektrikoak, etab.). Zeharkako metodoak dira, eta beren kabuz balio handirik ez duten arren, zuzeneko metodoekin batera erabiltzen badira, batzuetan aukera ematen dute zundaketa eta abarretako ikerketa puntuen kopurua txikitzeko, eta horrenbestez, aurrezteko.
Materialen eroankortasun ezaugarriak baliatuta, lurzoruko geruzak bereizten dira, pultsu elektrikoak edo sismikoak erabilita eta ondoren irakurketak eginda. Horregatik, beharrezkoa da aldez aurretik jakitea zer geruza dauden, irakurketak geruza horiekin erlazionatu ahal izateko. Gainera, espazio jakin bat behar da, egindako neurketek fidagarritasun nahikoko irakurketa sakonera izan dezaten.
Metodo nahiko merkeak dira, ez dira suntsitzaileak, eta azalera handiak ikertzeko aukera ematen dute. Oso erabilgarriak dira arroka karstifikatuetan, zuloak, leizeak etab. egoten direlako.
LURTEKek teknika hauek erabiltzen ditu zuzeneko ikerketarik egin ezin denean, azalera handiko eta desberdintze litologiko argiko eremuetan zuzeneko ikerketa puntuen kopurua txikitzeko, eta zona karstifikatuetan.
Bulegoa: Azterketa eremuko eta laborategiko datuak jaso ondoren, bulegoko fasean, proiekturako beharrezkoak diren kalkulu geoteknikoak diseinatzen ditu LURTEKek. Batik bat, honako hauek kalkulatzen dira: karga onargarria, asentuak, egonkortasuna (estrukturala, arroka diaklasadunetan, edo haustura zirkularra gertatzeko aukera, lurzoruan, arroka alteratuan edo arroka masiboetan), bultzadak, gradiente hidraulikoak pantailetarako eta eskoretarako, kargen eragina sakoneran, iragazkortasuna, aurrekargak, etab.
Horretarako, merkatuko programa informatiko berrienak erabiltzen dira, eta baita LURTEKek diseinatutako kalkulu orriak eta eskuzko kalkuluak ere.
Egindako kalkuluen arabera, azterlanean parte hartu duten LURTEKeko teknikariak biltzen dira, txostenean proposatuko diren konponbideak eta gomendioak erabakitzeko. Gerora, proiektua egiteko erabiliko dira konponbide eta gomendio horiek.
Txostena idaztea: LURTEKek egiten dituen azterlanak Geologoen Elkargo Ofizialean bistatu daitezke, bezeroak hala eskatzen badu.
Oro har, hiru ale azaleztatu eta CD bat ematen zaizkio bezeroari. CD hori LURTEKek egindako azterlanaren euskarri informatikoa da, eta bertan, PDF formatuko fitxategiak daude, irakurtzeko eta inprimatzeko.